PNAC

Zibilizazioen Arteko Aliantzaren Plan Nazionala


Versión en euskera

1. Aurrekariak

2005eko uztailaren 14an, NBEko idazkari nagusiak Zibilizazioen arteko Aliantzaren beharra formalki aldarrikatu zuen. 2004ko irailaren 21ean, Espainiako Gobernuko presidenteak proiektu hori aurkeztu zuen erakundeko Batzar Nagusian, eta, handik aurrera, Nazio Batuen ekimena izan zen. Horren inguruan, proiektuari babes politikoa ematen dion Adiskideen Taldea sortu da, eta, gaur egun, laurogeitik gora herrialdek eta nazioarteko erakundeek parte hartzen dute bertan. Horrela, ezaugarri duen unibertsaltasuna hobetu da.

Gobernuko presidentearen jatorrizko proposamenean argi eta garbi adierazten zen mendebaldeko munduaren eta mundu arabiar zein musulmanaren artean irekitako haustura ahalik eta lasterren gainditu beharra zegoela. Era berean, Gobernuaren kanpo-politikan erabilitako nazioarteko etikaren printzipioak ere hartzen zituen kontuan: nazioarteko legezkotasunarekiko konpromisoa, giza eskubideen erabateko errespetua izatea, sexuagatik inor baztertu gabe, eta Nazio Batuen berezko aldeaniztasunari babes irmoa ematea.

2005ean,  Kofi Annanek, NBEko idazkari nagusiak, Goi Mailako Taldea sortu zuen, gizarte eta kulturen arteko polarizazioaren arrazoiak aztertzeko. Bere txostenean, taldeak zenbait gomendio politiko egin zituen, nazioarteko bakea eta egonkortasuna arriskuan jar ditzakeen mehatxuari aurre egiteko. Horrez gain, helburua betetzeko neurri praktikoak proposatu zituen (gazteen, hezkuntzaren, komunikabideen eta migrazioen arloan). Neurriok hastear dagoen ezarpen-fasean gauzatu behar dira. Goi Mailako Taldeak gomendatutakoaren arabera, idazkari nagusiak Zibilizazioen arteko Aliantzarako goi-ordezkaria izendatu behar zuen, eta Aliantzaren Foroa egin behar zen gobernuen, nazioarteko erakundeen eta gizarte zibilaren artean.

Espainiako Gobernuak foroa hartzeko eskaintza egin du. Lehenengo edizioa Madrilen egingo da, 2008ko urtarrilaren 15ean eta 16an. Joan den apirilaren 26an,  Ban Ki-moon idazkari nagusiak Jorge Sampaio doktorea izendatu zuen goi-ordezkari. Ekainean, Sampaiok Aliantzaren Ekintza Plana aurkeztu zuen 2007-2009ko biurtekorako, eta, irailean, Adiskideen Taldeko kideei proposatu zien Aliantzarekin zerikusia daukaten "Estrategia nazionalak" eta “Garapenerako lankidetzako gutunak” egitea.

2. Plan Nazionala

Goi-ordezkariaren gonbita onartzea eta Zibilizazioen arteko Aliantzaren Plan Nazionala egitea erabaki du Gobernuak, eta erabaki hori hartzeko arrazoi ugari izan ditu: arrazoi historiko, geografiko eta kulturalak; segurtasun-neurri betebeharrekoak; koherentzia politikoa; ekimena Espainian sortu izana; eta Gobernuko presidentea ekimenaren babesle izatea, Turkiako lehen ministroarekin batera.

Konpromiso hori bere gain hartzea erantzukizun handia dela jakinda, Gobernuak Aliantzaren helburu zehatzak ezarri nahi ditu bere lurraldean. Hori dela-eta, kanpo-politikan, lankidetza-politikan zein arlokako barne-politiketan hartu nahi ditu kontuan. Politika horiek ikuspegi estrategikoan kokatu behar dira, lehendik daudenak sustatzeko, berriak diseinatzeko, eta balizko gabeziak estaltzeko. Horrela, agerian jarriko dira politika horiek, eta ahalegina egingo da inspirazio-iturri eta suspergarri izan daitezen herri-administrazioak eta gizarte zibila ildo horretan egiten ari diren lanerako edo aurrerantzean egin dezaketen lanerako. Plan horren bidez, Espainia bere diskurtsoaren printzipio etikoekin bat datorren eredua izatea lortu nahi du Gobernuak.

Helburu horiek erdiesteko, Gobernuak balio handiko tresnak ditu. Afrika Etxeak, Amerika Etxeak, Etxe Arabiarrak, Asia Etxeak eta Sefarad-Israel Etxeak helburu kolektiboa lortzeko laguntza irmoa eman behar dute, Elkano Errege Institutuarekin, Cervantes Institutuarekin, Mediterraneoko Institutu Europarrarekin, Carolina Fundazioarekin, Pluralismoa eta Elkarbizitza Fundazioarekin eta Hiru Kultura Fundazioarekin batera.


3. Jarduera-arloak 

Espainiako Ekintza Plana orekatua da, eta, giza eskubideak zein gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bete-betean errespetatuta, lehen aipatutako lehentasunezko lau ekintza-arloetan beteko da: gazteriako, hezkuntzako, komunikabideetako eta migrazioetakoetan. Ekintza Planaren oinarrizko printzipioak eta helburuak bat datoz Goi Mailako Taldearen Txostenean eta goi-ordezkariak proposatutako Ekintza Planean zehazten direnekin.

a)  Gazte-mugimenduen globalizazioak beste ekintza-aukera batzuk eskaintzen ditu, trukeak sustatzeko, elkarrekiko ezagutza hobea eta kulturen zein ohituren arteko harremanak bultzatzeko eta, gazteen lanerako estrategia adostuaren bitartez, ekonomian duten partaidetza hobetzeko.

b) Hezkuntza-sistemek gazteak prestatu behar dituzte, giza eskubideak errespetatzeko, aniztasuna eta erabateko genero-berdintasuna onesteko eta elkarrekiko mendetasuna duen munduaren erronkari aurre egiteko. Elkartasunarekin eta besteekiko errespetuarekin zerikusia daukaten balioak zabaldu behar dira, eta munduaren gizarte-hezkuntza integratzailea, bakerakoa, orokorra eta kulturaz haraindikoa eskaini behar da; lanerako hezkuntza, alegia. Truke-programak garatu eta sustatu egin behar dira, eta komunikabideen zeregina, teknologia berrien erabilera eta gazteek Internetera duten sarbidea ebaluatu behar dira berriro.

c) Nazioko, eskualdeko eta nazioarteko estrategiak koordinatu behar dira, gaur egungo migrazio-mugimenduen arrazoiak, ondorioak eta eman daitezkeen erantzunak aztertzeko. Herrialde hartzaileetan, hitzartutako ekintzak ezarri behar dira, immigrazioaren onurak azpimarratzeko, bereizkeriaren aurkako proiektuak abian jartzeko, immigranteen elkarteak babesteko, euren seme-alabak eskolaratzeko eta gizarte-hezkuntzarako programak sustatzeko.

d) Komunikabideen erabilera arduratsua bultzatu behar da, eta pertzepzio zein estereotipo oldarkorrak, bortitzak edo baztertzaileak sustatzen dituzten programei aurre egin behar zaie. Internet eta beste komunikazio-bide batzuk erabakigarriak dira zeregin horretan. Kazetaritza-eskoletan, hain zuzen ere, nazioarteko errealitatearen ezagutza hobea sustatu behar dute, erlijioa eta politika nahastuta ageri diren arloetan batez ere. Kulturen arteko ulermena hobetzen duten edukiak bultzatu behar dira.


4. Finantziazioa, koordinazioa eta jarraipen-mekanismoa

Plan Nazionala epe ertain eta luzerako sortu denez, iraunkorra izan behar du. Abian jarri eta bi urtera berrikusiko da. Behar besteko finantza-baliabideak izango ditu, gizarte zibilaren proiektu zehatzak sustatzeko. Koordinatzaileak irizpide-batasuna emango dio Gobernuaren ekintzari, eta harremanetarako pertsona izango da Espainian bertan zein Nazio Batuetako Aliantzaren Idazkaritzari eta kanpoan ezar daitezkeen plan nazionaletako arduradunei begira. Koordinatzaileak bere eginkizunak garatzeko moduko azpiegitura edukiko du.


5. Jardueren katalogoa

a) Elkarren ezagutza eta aniztasunaren onespena sustatzeko jarduerak

- 1. Zibilizazioen arteko Aliantzaren printzipioak eta balioak irakastea, derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan ikasle guztiek izan behar dituzten oinarrizko gaitasunak eta giza harremanen kulturaz haraindiko ikuspegi globalizatzailea kontuan hartuta. Era berean, prestakuntza humanistikoko balioak berreskuratzea.

- 2. Lankidetza-proiektuak sendotzea, baldin eta haien garapen-helburuak bat baldin badatoz Zibilizazioen arteko Aliantzaren printzipio eta helburuekin. Horrez gain, lankidetzari begira lehentasunezkoak diren herrialdeetako gazteentzako beka bereziak sortzeko plangintza egitea, horrelako jarduerak garatzeko.

- 3. Bi sexuetako ikasleen eta, batez ere, mundu arabiarretik datozen ikasleen trukeak bultzatzea, gaur egun iberoamerikarrekin garatutako programei eustea eta ikasle unibertsitarioentzako beka-programa zehaztea, Magrebekoentzat, batik bat.

- 4. Espainiako arabistak prestatzeko plana abian jartzea. Rabateko Mohamed V.a Unibertsitaterekin hitzarmena sinatzea, Marokoko hispanistak babesteko.

- 5. Eskoletan, erlijio gutxituak irakasten jarraitzea,   Erakunde Erlijioso Ebanjelikoen Federazioarekin, Erkidego Israeldarren Federazioarekin   eta Batzorde Islamikoarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenetan xedatutakoaren arabera.   Era berean, etorkizunean beste erlijio batzuekin sinatu daitezkeen   hitzarmenak ere kontuan hartuko dira.  Unibertsitate aurreko   eta unibertsitateko irakaskuntzan, aniztasun erlijioso eta kulturalarekin   zerikusia duten gaien prestakuntza nabarmentzea. Erlijioko irakasleak eta   irakasleak oro har, aniztasun erlijioso eta kulturalarekin zerikusia duten   gaietan trebatzeko programak abian jartzea.

- 6. Estatuarekin lankidetza-hitzarmena duten erlijio gutxituen langile erlijiosoen prestakuntza akademikorako plana eta prestakuntza horretarako beken zein laguntzen programa sustatzea.

- 7. Kultura arteko Hiriburutzaren urteko Saria ezartzea arlo horretan nabarmendu den Espainiako hiriarentzat.

- 8. Aniztasun Kulturalaren Atentziorako Baliabideen Zentroak Aliantzaren balioak zabalduko ditu bertan egindako ikasmaterialaren bitartez. Horretarako, gainerako herri-administrazioekin lan egingo du.

- 9. Aliantzak Adierazpen kulturalen aniztasuna babesteko eta sustatzeko bileran eta “2008 Kultura arteko Elkarrizketaren Europako Urtearen” ospakizunean parte hartzea.

- 10. Unibertsitate Euromediterraneoen Foro Iraunkorrarekiko lankidetza handitzea, ikerketarako eta goi-hezkuntzarako eremuko lankidetza sendotzeko.

- 11. Quetzal Ibilbidearen eredua kontuan hartuta, ibilbide tematiko berriak sortzea.

- 12. Zibilizazioen arteko Aliantzaren printzipio eta helburuetan oinarritutako ikerketa-proiektuak eta ekintza osagarriak diruz laguntzeko programa egitea. Esparru horretan, Espainiako eta Magrebeko herrialdeetako adituek elkarrekin lan egingo dute, baina batez ere, aldebiko harremanen historia izango dute aztergai. Horretarako, kasuan kasuko lehiaketetarako deia egingo da.

- 13. Gazteak eta Garapena Unibertsitatean, ikasle gazte liderren munduko topaketa egingo da.

- 14. Kultura arteko Topaketen Programa Mediterraneoko hegoaldeko herrialdeetako bigarren hezkuntzako ikastetxeetan ezartzea.

- 15. Zibilizazioen arteko Aliantzako Boluntarioen Taldea sortzea.

- 16. Gazteen Munduko Elkartasun Fondoa sustatzea. 

- 17. Sarajevoko Liburutegiaren fatxada zaharberritzea.

- 18. Gutun Kultural Iberoamerikarraren Ekintza Plana abian jartzea.


b) Gizarte-balioak eta bake-kultura sustatzeko jarduerak

- 1. Bakerako hezkuntzaren aldeko ekintzak bultzatzea eta, horretarako, Aliantzaren helburuetara ondoen egokitzen diren proiektuetarako dirulaguntzak handitzea. Aliantzan bezalako printzipioak sustatzen zituzten antzinako idazle kristau, judu eta musulmanen lanak itzultzeko eta Espainiako antzeko idazleen lanak arabierara itzultzeko kanpaina abian jartzea.

- 2. Gatazken prebentzioa, bakearen eraketa eta ez-indarkeriaren babesa bultzatzea eta askatasuna zein gaitasun kulturalak handitzeko jarduerak sendotzea.

- 3. Ikastetxeetan elkarbizitza eta segurtasuna hobetzea.

- 4. Demokraziari, giza eskubideei eta erlijioak gizarte modernoan daukan zereginari buruzko mintegiak eta topaketak antolatzea eta sustatzea. Kulturekin eta erlijioekin zerikusia duten artxibo bibliografiko eta dokumentalak indartzea.

- 5. Indar armatuek gatazka-eremuetan bakeari eusteko operazioetan parte hartu behar dutenean, kirolak elkartasuna garatzeko eta bai bakea bai segurtasuna eratzeko erabiltzea. Espainiako kirol-erakundeetara jotzea, Zibilizazioen arteko Aliantzaren printzipioak eta helburuak eskuzabaltasunez babes ditzaten.

- 6. Ekintza Plan Nazionala garatzea, Emakumeei, Bakeari eta Segurtasunari buruzko Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluaren 2000ko 1325. Ebazpena ezartzeko.

- 7. Menendez Pelayo Nazioarteko Unibertsitatearen bitartez, Unibertsitate Institutua sortzea Nazio Batuetako Unibertsitateko Zentroen Sarean,  Zibilizazioen arteko Aliantzarekin zerikusia duten diziplinetako prestakuntza eta ikerketa sustatzeko.

- 8. Marokoko Erresumako Gobernuarekin batera, Tetuaneko Bi Erregeen Unibertsitatearen proiektua bultzatzea, elkarrizketarako eta lankidetzarako eremu euromediterraneoa sendotzeko.

- 9. Granadako Goi Ikasketen Fundazio Euroarabiarraren jarduerak indartzea, kulturen zein zibilizazioen arteko ulermena eta lankidetza sendotzeko.

- 10. “Intolerantesanónimos.com” kanpaina sustatzea Zibilizazioen arteko Aliantzaren postulatuak kontuan hartuta.

- 11. Aniztasuna eta Elkarbizitza Fundazioaren bidez, Aniztasun Kultural eta Erlijiosoaren Behatokia sortzea Espainian.


c)  Immigranteak eta, batez ere, gazteak hobeto gizarteratzeko eta prestatzeko jarduerak

- 1. Emakume eta Gizonen arteko Aukera Berdintasunerako Plan Estrategikoa 2008-2011 abian jartzea.

- 2. Laguntzarako eta lankidetzarako hitzarmenak egitea migrazio-jarioen herrialde hartzaile eta iragaitza-herrialdeekin.

- 3. Immigranteentzako beken programa koordinatua sortzea lanbide-heziketan, prestakuntza zientifikoan eta graduatu ondoko prestakuntzan.

- 4. Zenbait neurri diseinatzea eta abian jartzea, bizitza publiko eta sozialeko edozein sektoretan immigranterik ez esplotatzeko eta, euren duintasunaren aurkakoak izateagatik, ordena publikoaren kontrakotzat har daitezkeen jarduerak desagerrarazteko.

- 5. Immigranteak egitura sindikalean sartzea eta euren elkarte-mugimendua babestea, betiere gizarte-hezkuntzarako programak bultzatzen baditu.

- 6. Emakume immigranteak prestatzea, euren erkidegoetan eta Espainiako gizartean partaidetza eta lidergo handiagoa izan dezaten.

- 7. Batez ere, hezkuntza-arloko neurriak hartzea, immigranteen seme-alabak gizarteratzeko. Era berean, politika inklusiboak garatzea, gizarte anitzean aukera-berdintasuna egia bihurtu dadin.

- 8. Udal eta Probintzien Federazioarekin alkate eta zinegotzientzako prestakuntza-planak egitea, aniztasun erlijiosoari eta gizarteari buruzko ikastaroen eredua kontuan hartuta.

- 9. Autonomia-erkidegoetan eta toki-erakundeetan, krisiak nahiz gatazkak konpontzeko bitartekaritza sustatzea eta jarduera egokien eskuliburuak egitea.

- 10. Immigrazioaren sorterriekin lan-talde iraunkorrak eratzea, Plan Nazionalean zehaztutako neurriak elkarrekin abian jartzeko.

- 11. Gazteen Eskubideen Itun Iberoamerikarra sustatzea eta beste eremu batzuetara zabaltzea, Gazteen Eskubideen Munduko Ituna sinatzeko. Horrez gain, Gazteen Integraziorako eta Lankidetzarako Plan Iberoamerikarrean, Zibilizazioen arteko Aliantzaren balioak kontuan hartzea. 

- 12. Gazteentzako Ministerio arteko Planean, “Zibilizazioen Aliantza” kontuan hartzea eta, Gazteen zein Emakumeen institutuetan, ekimen honen printzipio eta helburuekin bat datozen jarduketa-planak egitea.

- 13. Gazte etorkinentzako enplegu-plana diseinatzea. Horretarako, Gazteen Emantzipaziorako Programa sendotzea eta lehenestea eta beste etorkin-talde batzuetara zabaltzea.

- 14. Gazteen Sorkuntzarako Eremuen Sarea nazioarteko bihurtzeko proiekturako finantziazioa zuzkitzea.

- 15. Informazioaren eta komunikazioen teknologiak irakasteko eta ezartzeko, Internet erabiltzeko eta Hezkuntza Mediatikoa sustatzeko programa abian jartzea. 

- 16. Etorkin gazteak Lankide Boluntario Gazteen Programan sartzea eta programa hori Aliantzaren jarduketa-eremuetara hedatzea.

- 17. Adingabe zaurgarriak eta, batez ere, nazioaz haraindiko familietako adingabeak babesteko estrategia-plan integrala sendotzea eta, ahal izanez gero, hedatzea.


d)  Zibilizazioen arteko Aliantzaren ekimena sustatzeko eta zabaltzeko jarduerak 

- 1. Ministerioen artean, sentsibilizazio-kanpaina orokorrak eta   koordinatzeko mekanismo iraunkorra ezartzea.   Era berean, zenbait inkesta egitea, gizarteak Zibilizazioen arteko Aliantzaren printzipioez   zer uste duen jakiteko eta abian jarritako neurriek   nolako eragina duten zehazteko. Helburu hori hobeto betetzeko,   ikasmateriala egin eta banatu egingo da, eta argitalpen bereziak   sortuko dira, Zibilizazioen arteko Aliantza zer den   hobeto jakiteko.

- 2. Aliantzaren balioekin zerikusia duten ikerketa-proiektuak eta ikasketak sustatzea eta Milurteko Helburuen inguruko hezkuntza eta sentsibilizazioa bultzatzea lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleen artean.

- 3. Gizarte zibilaren ekintzaren koordinazioa eta lankidetza sustatzea arlo honetan eta sentsibilizazioan, gizarte-partaidetzan nahiz kultura arteko elkarrizketan. Horretarako, Zibilizazioen arteko Aliantzaren Balioak eta Printzipioak Sustatzeko Erakundeen Sarea (ZASES) sortuko da.

- 4. Espainia-UNESCO Fondoan, diziplina anitzeko finantziazio-lerroa sartzea Aliantzaren helburuen arloan. UNESCOk onartutako Erlijioei eta Bitartekaritzari buruzko Nazioarteko Sarea sustatzea eta finantza-laguntza ematea.

- 5. Estatuko segurtasun gorputz eta indarrak prestatzeko ikastaroetan, aniztasun kulturala, tolerantzia eta giza eskubideen errespetua kontuan hartzea. Horretarako, gomendioen eta jarduera egokien gidak egitea. Helburu bera betetzeko, jarduera egokien kodeak egingo dira osasun-arloko eta espetxeetako langileentzat eta Espainiako enpresarientzat.

- 6. Espainiak kanpoan dituen hezkuntza-zentroek (Cervantes Institutuak, kultura-kontseilaritzek eta kultura-kontseilaritzek) Zibilizazioen arteko Aliantzaren printzipioak eta helburuak sustatzea eta zabaltzea.

- 7. Aliantzak bete-betean parte hartzea Espainian eta nazioarteko foroetan garatuko diren jardueretan.

- 8. 2009an, “Zibilizazioen arteko Aliantza: erronkak eta aukerak” Nazioarteko Biltzarra  antolatzea.

- 9. Informazioaren Zientzietako fakultate eta eskoletako ikasketa-programetan, nazioarteko errealitatea nolakoa den hobeto jakiteko materialak sartzea. Horrez gain, Hezkuntza Mediatikoa bultzatzea.

- 10. Zibilizazioen arteko Aliantzak landutako gaiei buruzko Tratamendu Mediatikorako Gida egitea eta, RTVErekin batera, aniztasun kulturala, tolerantzia eta gatazken konponbide baketsua zabaltzeko plana garatzea. Bestetik, RTVEra iristeko eskubidea handitzea, aniztasunari buruzko saioetan eduki kultural gehiago egon daitezen.

- 11. Zibilizazioen arteko Aliantzaren balioak sustatzeko filmen eta serieen ekoizpena edo baterako ekoizpena babestea.

© 2010. Presidencia del Gobierno